Ekoizpenen azterketa

Ikasleen ekoizpenen azterketaren helburua ikasleen ahozko hizkuntzan Sekuentzia Didaktikoak izan duen eragina aztertzea da, hau da, SD-a landu ondoren ikasleen lan diskurtsiboan aldaketak egon diren ala ez ikertzea.

Horretarako, irakasleak aurretik prestatutako SD-a ikasleek landu baino lehen egindako testuak (aurretestuak) eta landu ondorengo testuak (ondotestuak) aztertu eta konparatu dira. Testu hauetan ikasleek Poliziak eta Lapurrak jolasa azaltzen dute. Bi testuak behatu ondoren, garapen argia dagoela ikus daiteke.

Aurretestuak banaka egin dituzte eta ondotestuak, aldiz, binaka. Lehenengo aipatutako honek,  ondotestuak baino hitz gutxiago ditu eta ikasleak ez du bere burua aurkezten, ezta hizlari rola hartzen ere. Gainera, ez zaio entzuleari erreferentzia egiten eta ez du jokoaren eredurik ematen. Edukiaren aldetik, jolasaren pertsonaiak gainetik izendatzen ditu soilik eta ez ditu arauak, espazioak… zehazten. Planifikazioaren aldetik, ez du ia lokailurik erabiltzen eta  testu markei erreparatuz, nahiz eta akzio aditzaz beteta egon, elipsi asko agertzen dira.

Ondotestuan, ordea, ikasleek beraien burua aurkezten dute eta hizlari rola hartzen dute. Jolas mota, honen arauak, pertsonaiak, espazioa zehazten dute, ereduekin batera. Gainera, lokailu asko erabiltzen dituzte testua lotzeko eta prozesu osoaren eta eraldaketaren berri emateko, lexikoa agertzen da; esaterako, harrapatu >  txokala egin > salbatu. Entzuleari erreferentzia egiten zaio, modu honetan entzuleak eta hizlariak bat egiten dute. Ondorioz, ondotestuetan jolas-arauen azalpena argiago eta egokiagoa egiten dute.

Aurretestuko eta ondotestuko garapena argi ikusten da baina batzuetan, garapen hau, “garapen artifiziala” izan daiteke. Azken finean, ikasleak modu sistematikoan ikasitako ezagutzak isla ditzakete; beraz, eduki duten benetako garapena eta benetan barneratutako ezagutzak, beranduago jakingo dira.

Hala ere, baieztatu dezakegu 9 saiotan ikasleek izugarrizko aurrerapenak egin dituztela, bai edukien aldetik, baita planifikazioaren eta testu marken aldetik ere. Denok dakigu gaur egun ez dela ahozko hizkuntza lantzen, baina ikerketa hau erakusten digu pixkanaka-pixkanaka parametro desberdinak landuz, ahozko hizkuntza asko hobetu daitekeela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario